XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

EGUN ETA BIHAR. AZKEN EUSKALDUNAK

Karrika bazter batean atxeman dut gizon bat aspaldiko ezaguna.

Hartaz eta huntaz, asko solas ibili ditugu.

Delako gizona ez da arras gaztea ez da ere hain xaharra.

Ez da edozoin solas ergel ateratzen duten hetarik.

Ez ere minttukeria laket zaiotenetarik.

Halako farrasta bat eman daut tanpez hantxet karrika ezkinan egin dautan ateraldi batek: gu gira azken Eskualdunak, erran daut. Arrunt azkenak.

Goxo goxoa mintzo zitzaitan erranez ainhitzak sobera futitzen girela eskual-gauzez eta futitzen ez girenak berriz aise sobera ilusitzen.

Eskual kantuaren arrakasta berria ikastolen sortzea radio eta telebixtatik eskuara xorta baten emaitea, horiek oro eta gaineratiko gauza asko ere deusez gure gizonarentzat.

Hau ez omen etsikorra bainan etsitua eskual-geroari buruz.

Ez du balio kexatzea hola da eta orai berantegi da horra haren arrazoinamendua.

Eskuararen alde han edo hemen egiten den indarra ez zaio primabera berri baten abiadura bainan ba izaitekotz ezin hilez ari den mundu xahar baten azken uztar lerroa...

Handik biharamunean, irakurtu du jakintsunak omen diren batzuek ateratu kondu harrigarria: hemendik mende-laurden baten buruko zazpi mintzaira baizik ez direla ibiliko munduan.

Hoietan naski anglesa eta española bainan ez frantsesik! Eta eskuara? Huna aipatzea ere ez balio... Hori irakurtzean berriz gogorat heldu zitzaitan bezperan entzun solas kiretsak: azken Eskualdunak gira, egiazko Eskualdunetan segurik: menturaz, gero ere eskualdun deituko dituzte hemen gaindi biziko diren jendeak, bainan ez dute eskualdun izena baizik izanen, ez izaitea.

Geroak erranen du nork duen arrazoina.

Nik dakitana hauxe da: jendetze batek zinez burutan hartzen badu bere nortasunaren begiratzea, nahi horren indarrak bentzutzen ahal duela traba mota frango.

Erne egoiten bagira, gure ontasun baliosenak eta behin hasteko eta bat gure mintzaira, salbatuko ditugu, eta berrituz azkartuko.

Erne egoiten bagira, gureak gure segurtatuko ditugu.

Bakarrik hara, denen buru, zer ote da egiazki erne egoitea? Eta ez badugu denek erne egoite hori berdin ikusten, elgarren jorran ariz ardietsiko dugula zerbeit aintzinamendu? Zinez gure mendean ez da beti erretx euskaldun zintzo izaitea.

Hori ez dadila arrazoin bat izan etsimendua gainditzerat uzteko.

J.-B.D.